Tokiko giza garapenak hainbat alderdi ditu, eta horietako bat ekonomiko-produktiboa da. Gure ustez, ekonomia soziala eta solidarioa eraikitzen eta sustengatzen duten oinarriek eta balioek dituzte gaitasunik onenak tokiko giza garapenak aurrera egin dezan eta indartu dadin. Ekonomia soziala XIX. mendearen erdialdean sortu zen, jendarte haietan zeuden arazo jakin batzuei erantzuna emateko; eta, mende horretan eta XX. mendean, bilakatzen joan da etengabe. Joan den mendearen amaieran, era nabarmenean hedatu zen, gerra ondoko zabalkunde ekonomikoaren amaieran sortu zen krisialdiaren eta horrek ekarri zituen aldaketa sozialen ondorioz. Horiek horrela, gaur egun, forma ekonomikoen sorta zabala dugu, estatuaren eta merkatuaren artean. Forma horiek antolakuntzako molde ugari hartzen dituzte, milioika pertsona multzokatzen dituzte mundu osoan, jarduera ekonomikoaren sektore guztietan, eta gero eta garrantzi gehiago dute balio soziala eta enplegua sortzeko.